Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorretxeak

Olabezarra auzoan dago, Arratzu elizatik oso hur. Dorretxe ikusgarria da, bai muino batean dagoelako lurralde guztia jagonez, bai oinplano pentagonal exotikoa daukalako, bakarra Bizkaian.

Ez da batere normala dorretxeak muinoetan egotea, talaia modura; normalean beheko aldeetan egoten dira, erreka bazterretan, erreketako ura behar dute-eta burdinola eta errotak jardunean izateko. Hauxe dugu, beraz, barnealdeko dorretxeen artean muino baten dagoen dorretxe bakarretako bat.

Dorretxea
Dorretxea

Ondo zainduta dagoen eraikina litekeena da 783an Fortun Lopez Jaunak, lehenengotako Bizkaiko JaunaK, sortu izana. Badirudi XV. mendean berregin zela. XX. mendearen hasieran bere jabea Maria Eugenia Montijo enperatriza, Arteagako Anderea, izan zen eta, geroago, Juan Tomas Gandariasen oinordekoek jaso zuten. Ordutik aurrera esku desberdinetatik igaro da.

Oinplano pentagonaleko eta bost isurialdeko estalkidun dorretxe txiki eta sendoa da; harlangaitzez dago egina eta hegalak eta baoak harlandu onekoak ditu. Hormak, bi metroko lodierakoak, bao asko ditu fatxada guztietan. Fatxada nagusia 10 metro garai da eta hamahiru zabal; arku gotikodun atea dauka eta harburu handi bi, patin bati dagozkionak seguruenik. Fatxada honek bost gezilehio ditu, horietako bat zabala.

Sartaldeko horma ere 10 metro garai eta 13 metro zabal da; gezileiho bi, bao bi eta atea ditu. Iparraldeko fatxada 10 metro garai eta 10 metro zabal da eta leiho gotiko ederra dauka, arku konopialduna, bai eta bi bao eta gezileiho bat ere.

Azkenik, Hegoaldeko fatxadak angelu irtena osotzen du eta itsu-leiho txiki eta zabala baino ez du zoruaren altueran.

Dorretxeak inguru guztian daukan harburu errenkada ikusgarria da; teilatuaren egitura harburu horretan dago bermatuta.

Dorretxeen arkitekturan bada ezohiko elementu bat, sortaldeko fatxadan, barrualdean, eskailera bat egotea hormari atxikita eraikinaren gainerako solairuetara joateko.

Norberaren jabegokoa denez ezin sar daiteke barrura.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.